XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BERGARATIK ATARRABIARA TIPI-TAPA

BERGARAN tipi-tapa euskararen aldapa igo ondoren, Iruñe ondoko Atarrabian, aldapari beldurrik ez dion Indurainen herriko ordekan, pikeagoa igo beharko du igande honetan.

Igandeko honetan, ordea, ez da txirrinduz igoko, oinez baizik.

Euskarak, mendi aldean baino aldapa biziagoak bait ditu lautadetan.

Izan ere, ulertzen ez dituzten deitura eta toki-izenetan eta paper zaharretan bakarrik dituzte euskararen aztarrenak.

Guk, erdara, arrotza deitzen diogun hizkuntza hori dute berena, amaren bularrarekin batera xurgatua.

Euskarak aldapa pikea du, beraz, haien belarri eta ahoetan ezezik bihotzetan ere.

Galdua eta arroztua den lekuetan, beste inon baino beharrezkoagoa da, jai, bake, elkartasun eta alaitasunez jantzirik plazaratzea euskara, istiluarekin eta borrokarekin lotua heldu bait zaie askotan: sesiozale bakarrentzat, era maitagarrian, noski, baina patxadazale ugarientzat era gorrotagarri eta nardagarrian.

Egiazko euskaltzalea gero eta hobeto jabetzen ari da horretaz.

Bergarako zirkuitua aspaldian izan den zirkuiturik txukunena izan da.

Edozein iritzitako euskaltzalea begietako eta belarrietako minik gabe ibili zitekeen ibilbide osoan, festaz eta zirkuituz kanpoko oihu batzuk entzunarren eguerdi aldera.

Baina edozein festa eta jende samaldaz baliatzen ohiturik diren batzuk ere oharturik dira euskaren ingurukoez baliatzea arriskutsua dela.

Izan ere, euskarak ezer behar baldin badu, elkartasuna behar du.

Elkartasunak, berriz, giro gozoa, atsegina, alaia.

Hainbeste haur, gazte, guraso eta aiton-amona biltzen dituen festa batek asko zuzpertu behar du, nahitaez, herriko euskal giroa, euskararen aldeko jarrera.

Baina badu zenbaiten kontzientzia lasaitzeko arriskurik ere, garai bateko bazkoazkoak bezalaxe.

Euskararekiko zor guztiak kitatuak eta eginbehar guztiak beteak dituela uste izan lezake norbaitek, besterik gabe, urteko txekorra saltzen zuen hark bezalaxe.

Eta Eli Galdosek gogorarazi zuenez, urteko 365 egunetan igo behar da tipi-tapa euskararen aldapa.

Urte guztietako eta bizitza osoko egun guztietan, gainera.

Euskararen aldeko urtean behingo jaialdian parte hartu eta ezin da gero eguneroko bizitzan erdaraz hitzeginez jarraitu: euskara ikasteko ahaleginik ez eginaz.

Noizpehinkako jaialdi batek ezin ditu euskararen kontrako zabarkeria eta utzikeria barkatu.

Euskarak behar ditu eskupekoak, behar ditu ospakizunak.

Baina zinezkotasuna behar du, batez ere.

Eskupekoak eta ospakizunak lasaitzeko bakarrik baldin badira, euskara itoko duen gezurra eta itxura-egitea ari gara gizentzen.

Eta euskararen inguruko gezurra lehen ere haundiegia da.

Euskara da alderdi honen hizkuntza erabakitzen du edozein alderdi abertzaleren araudiak.

Baina bileretan, agirietan eta abarretan erdara da nagusi.

Urteetan eta bizitza osoan izan daiteke alderdi abertzale bateko alderdikide, euskararik ikasi gabe.

Alderdi honen hizkuntza erdara da.

Hori da egia.

Baina norbaitek egia horren arabera moldatu nahiko balitu araudiak, alderditik kanpora botako lukete, abertzalea ez delako.

Alderdikide abertzaleen hizkuntza erdara izan daiteke.

Beroien alderdiarena, ordea, euskara da.

Pasaian nintzen joan den ostiralean.

Ikastolaren XXV urteurrena zela eta mahainguru batean.

Udalbatzak independentzia aldarrikatu zain egon ginen hizketan hasteko, bost hizlariok. 11 entzule bakarrik azaldu ziren.

Gezur horretan bizi garen bitartean jai dugu.